Elhuyar Aholkularitza.
Euskararen erabilera handitzeko prozesuak garatzea da Elhuyar Aholkularitzaren egiteko nagusia, bai erakundeetan baita udalerrietan ere. Prozesu horietan, oinarri gisa, eragile guztiek parte hartzea, egoeraz jabetzea, eta kontzienteki hizkuntz ohiturak aldatzea proposatzen dute. Emaitzek argi erakusten dute euskara ikasteak eta baliabideak eskura izateak bakarrik ez duela erabilera bermatzen. Izan ere, hizkuntza erabili ahal izateko, baldintza sozialak ere behar dira, eta, horrez gain, euskara erabiltzearen aldeko motibazio pertsonala eta kolektiboa. Zein da konponbidea? Egileon ustez, batetik, beste hainbat gai aztertzeko eta konpontzeko era askotako erakundeak elkartzen diren bezalaxe, erabilera eta antzeko gaiak lantzeko ere berdin jokatu beharko litzateke. Lehen ez bezala, orain badugu diziplina eta arlo bateko eta besteko ordezkariak bilduko dituen/gaituen gune bat, proiektuak elkarlanean lantzea ahalbideratuko duena: Soziolinguistika Klusterra. Bestetik, ezinbestekoa da babes politiko handiagoa ematea hizkuntz normalizazioari. Oinarri ona egon badago: baldintza objektiboak hobeak dira, gero eta profesional euskaldun gehiago dago, euskara-planik izan gabe ere hainbat enpresak eta erakundek aurrerapausoak eman dituzte¿ Uneaz baliatzea eta pausoa zuzen ematea da gakoa Elhuyar Aholkularitzaren ustetan.
Emun Koop. E.
Emun Kooperatiba Elkartekoek lan munduaren inguruan osatu dute erabilerari buruzko beren iritzi artikulua. Erabilera indartzeko gaur egungo bideak zenbaterainokoak diren azaltzean, azken hamabost urtean lan munduan euskara txertatzeko bidean egindako aurrerapen handiak nabarmendu dituzte. Euskara plana duten enpresetan ahalegin handia egin da, eta horri esker euskararen erabilerak nabarmen egin du gora enpresa horietako zenbait alorretan. Dena den, Euskal Herri osoko enpresa guztiak kontuan hartuta, oso gutxik dute euskara normalizatzeko planik eta tipologia oso zehatzetakoak dira. Gerora begira, lan munduan euskarak presentzia handiagoa izan dezan lortu beharra nabarmendu dute, eta beraz, motibazioa handitzeko ekintzak egin beharra ere bai. Euskararen erabilera areagotzeko metodologia hobetu egin behar da eta euskara planen norabidea finkatu. Alorreko eragile guztien arteko elkarlana bultzatu behar da, eta horretan Administrazio Publikoak eragite lan handiagoa egin beharko lukeela eta baliabide gehiago jarri beharko lituzkeela iritzi diote.
Euskal Herrian Euskaraz.
Euskararen erabilera mailak kezka pizturik, egoera honetan egotearen faktoreak aipatuz hasten dira Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bi kide hauek. Hizkuntza ordezkapena eta horretarako erabiltzen diren tresnak aipatzen dituzte faktoreen artean: alegia, gaur egun ezarrita dagoen euskararen lege zatiketa eta horren araberako hizkuntza politika. Oro har, tresna horiek lagundu baino kalte egin diote euskararen erabilerari, euskara erabiltzeko esparruak murriztu baitituzte. Aurrera begira, indarrak batu eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeari ekin behar zaio lehentasunez, egileon ustez; hortik etorriko baita, besteak beste, euskararen erabileraren gorakada. Euskaldun ororen hizkuntza eskubideak betetzea helburu izango duen hizkuntza politika baten beharra nabarmentzen da, besteak beste. Urrats sozial eta politiko horiek eman ahala, euskararen erabilerak ere jauzi garrantzitsua ezagutuko du.
Ikastolen Elkartea.
Euskararen ezagutzak gora egin arren, euskararen erabilerak pareko goranzko joerarik ez duela erakutsi, edo kalitateak txarrera egin duela aitatuz abiatzen du iritzi artikulua Erramun Osak. Alabaina, euskararen gurpilera inguratu diren pertsonen ezaugarriak, dituzten beharrak nola baita bizi diren inguruneak eskaintzen dituen aukerak zein ezartzen dituen mugak, oso gutxitan hartzen direla kontuan irizten dio. Era berean, euskararen ikuspegi formalari ematen zaion aparteko garrantziak ere ez dio euskararen indarberritze ahaleginari laguntzen. Hezkuntza munduan euskararen erabilerari begira jarriko bagara, hizkuntzak nola eskuratzen diren kontuan hartu eta gela barruko planteamenduetan iraultza gertatzearen beharra nabarmentzen digu. Noranzko horretan, baina, hezkuntza komunitateak urratsak batera egin behar ditu. Gelaz kanpoko eskolako gainerako eremuetan eragitea eta euskararen erabilerari begira jartzearen garrantzia ere azpimarratzen da, horretarako, euskararen erabilera zertan den aztertuz, eta lehentasunak zerrendatuz. Beraz, eskolan euskalduntzen ari diren hiztunek dakitena ingurune horretan baliatu ahal izateko, ahalik espazio gehien irabaztea ezinbestekoa da, eta, horretarako ere, askotariko eragileen artean eta maila desberdinetan egitasmoak komunean jartzeko eta dauden erresistentziak gainditzeko ahaleginak egin beharko ditugu.
Kontseilua.
Irakaskuntzan eta helduen euskalduntzean egin diren aurrerakadek ekarri dute gaur egun dugun ezagutza tasa, txikia oraindik, baina ditugun erabilera indizeak ahalbideratzen dituena. Guztiaren gainetik, ordea, azken hamar urteetan sendotu den bide bat azpimarratzen digu Kontseiluko Plangintzaburuak: euskalduntze planak. Batez ere lan munduko enpresei begira hedatu den esperientzia da, baina edozein erakundetan egin izan dira plan hauek. Bestalde, orain arteko bideek erabilera indartzeko eman dutena aztertzerakoan, noraino EZ diren iritsi ere aztertzea komeni litzateke, nabarmen urrutiago irits baitzitezkeen egilearen ustez. Irakaskuntzan, helduen euskalduntzean, komunikabide eta enpresa pribatuetan, unibertsitatean, osasun munduan, administrazioan... hauetan guztietan dauden hutsuneak aipatzen dizkigu. Erabileran eragiteari dagokionez, irakaskuntzak eta helduen euskalduntzeak duten funtzio estrategikoaz gain, ¿euskara planak¿ hedatzeak duena azpimarratu behar da. Hau da, gizarteko egiturek ez dute euren hizkuntz funtzionamendua aldatzen norbanakoek euren hizkuntz portaera aldatzen dutelako, alderantziz baizik. Norbanakoen portaera, garrantzitsua bada, erakundeen hizkuntz funtzionamendua alda dadin eragiteko lanean da.
Jasone Aldekoa.
Ikastetxeetako erabileraren inguruan egiten du gogoeta Jasone Aldekoak iritzi artikulu honetan. Ikastetxeetan behatu izan da, ikasleek euskara ikasi arren -ulermen eta mintzamen nahikoa lortu arren-, euskararen erabilera ez dela proportzio berdinean bermatzen. Alegia, euskara jakiteak ez duela ziurtatzen egoera formaletatik kanpo euskara erabiliko denik. Euskararen erabilera bultzatu nahi bada, zertan eragitea komeni den aipatzen digu Aldekoak hemen. Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak Hizkuntza Normalkuntza Proiektuak jarri zituen abian ikastetxeetan. Euskararen erabileraren sustapenean proiektu horiek eraginkor bihurtzen dituzten ezaugarriak nabarmentzen dizkigu egileak lerro hauetan. Etorkizun hurbilari begira, berriz, ikastetxeak euskalduntzeko, irakasleek izan behar dute euskararen erabiltzaile eredu ikasleentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat, eta adituengandik jasotzen dituzten hausnarketekin, ikerketekin, eta gomendioekin proiektuak osatu behar dituzte, euskararen erabileran eragiten duten faktoreak bere baitan lan daitezen.
Kike Amonarriz.
Gaiaren inguruan ideia argiak helarazi dizkigu Kike Amonarrizek, eta baita laburrean azaltzen asmatu ere. Gaur egungo hizkuntza politiken markoa eta hizkuntzaren inguruko ideologia duela 30 bat urte eraiki ziren, garai hartako errealitate sozio-politikoan. Ordutik hona, ordea, belaunaldi berri bat gizarteratu da, eta gero eta nabarmenagoak dira orain arteko planteamenduen gabeziak: euskaraz ez dakiten haur eta gazteak, jakin arren egiten ez dutenak, ulertu arren euskararekin zerikusirik nahi ez dutenak, nola halako euskaraz ari direnak, euskaraz egingo luketenak eta hainbat esparrutan egin ezin dutenak, eta abar. Egoera honi oinarri berriekin ekiteko tenorea heldu da, egilearen ustez. Oinarrizko baldintzen artean bi aipatzen dizkigu, nagusiki: 1) euskararen lege-babesa bermatzea, eta 2) hurrengo belaunaldiaren euskararen ezagupena eta gaitasun komunikatiboa bermatzea.
Jose Felix Diaz de Tuesta.
Erabilera neurtzeko ditugun baliabideak aipatzen ditu iritzi artikulu hnen hsieran Jose Felix Diaz de Tuestak. Batetik, Kale Erabileraren neurketan bildutakoak aipatzen dizkigu; bestetik, beste eremu batzuei erreferentzia eginez, ditugun datu gehienak inkesta bidez lortutakoak direla azpimarratzen du. Ikerketa eta neurketa gutxi egiten dugu, eta, horiek gabe, ezin jakin aurrera ala atzera egiten dugun. Erabileraren hazkundea nabarmentzeko modukoa izango bada. jatorrizko euskaldunen proportzioak egin behar du gora egilearen ustez. Hizkuntzaren transmisioak duen garrantzia azpimarratu, eta gertuko ingurunea normalizatzeko egitasmoak abian jarri beharra azpimarratzen ditu gerora begirako gogoeta egitean.
Lionel Joly.
Bi gai nagusitan oinarrituz osatu du Lionel Jolyk iritzi artikulu hau. Batetik, erabileraren bilakaera aztertzean, argi izan behar dugu, egilearen uztez, askotan ez dugula benetako bilakaera neurtzen, baizik eta jorratzen duguna erabilerari buruzko errepresentazio batzuk besterik ez direla. Horren harira, Euskal Herrian egiten diren Kale Neurketen garrantzia nabarmentzen digu, inkestatuen errepresentazioen prismei lotuta ez egoteko. Bestalde, eta geroari begira, euskararen erabileraren bilakaera positiboa izan dadin, plangintzan dagoen hesiaz ohartu beharra aipatzen digu. Alegia, askotan, hizkuntz plangintzak hizkuntzaren erabilera du helburu. Plangintzak berak intelektualizazio bat suposatzen du eta askotan horren bitartez hiztunak konbentzitu nahi dira. Egilearen aburuz, erabilera bultzatzeko era berriak sortu behar dira intelektualizazioari edo arrazoibideari gutxiago lotuta. Era berean, premiazkoa da ingurunea ondo aztertzea errepresentazioen eta jarreren aldetik plangintzak egokitzeko.
Estepan Plazaola.
Hizkuntza normalizazioaren bidean orain artean egindakoa ebaluatzeko, Bergarako egoeraren berri ematen digu Estepan Plazaolak. Azken urteotako lorpenak eta gabeziak, guztiak mahai-gainean jarri dizkigu iritzi-artikulu honetan, datu zehatzak eskainiz. Emaitza hobeak izan zitezen, ordea, garatu dugun hizkuntza politika bera ere kontraesankorra eta jarraipenik gabea izan dela deritzo egileak, bai nazio mailan bai inguruan ere. Geroari begira jarriz, hiru puntu nabarmentzen dizkigu erabileran eragiteko kontuan hartzekoak direnak: etxeko hizkuntza segurtatzea, esparru berriak irabaztea euskararentzat (lan mundua, zerbitzuen mundua,...), eta kontsentsu eta akordio eraginkorrak bultzatzea elkarlana sustatu asmoz.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados