Metatesiak, orokorrean katea fonikoaren sekuentziaren segmentu edo ezaugarrien edozein ordena aldaketa bezala ulertzen dena, bere sailkapen tipologikoan aurrerapen handia jaso du Blevins eta Garretten (1998, 2004) lanari esker, bai bilakabidearen analisian eta baita bere ezagutzan ere. Haien modeloa jarraituz, euskaraz historikoki izan diren metatesi prozesuak analizatu ditut eta hauen motibazioa identifikatu, zeina fonetikoa den. Hipotesi nagusitzat metatesia bilakabide fonetikoki naturala dela eta beste edozein prozesu fonologiko ulertzeko beharrezkoak diren aurreikuspenen bitartez analiza daitekeela izango dut.
Bi metatesi prozesu bereiziko ditut: lehendabizikoa segmentu bakar baten lekualdatzea da, bigarrenak bi segmenturen kokapenak trukatzen dituen bitartean. Lehenengoa bereizgarri fonetiko luzeak (Ohala 1981) dituzten ezaugarri fonologikoei dagokie eta bigarrena segmentu bikote mugatuek aurrera eramaten duten transposizio ez-lokala da, bikote hauek betiere haien ekoizpenean antzekotasunen bat azaltzen dutelarik eta silabaren barnean kokapen berdinean kokatzen direla, i.e. bi bokalak nukleoan edota bi kontsonanteak koda edo ekinean.
Lan honek euskaratik harturiko ebidentzia berria gehitzen dio metatesia arrazoi fonetikoek eragindako prozesu natural bezala analizatzeko xedeari, honakoa emaitzak gidaturiko edozein prozesuk dituen ezaugarri orokorretan oinarriturik (Ohala 1981, 1993) bideratzen dela arrazoi artikulatorioekin batera, mugimendu plangintzan sorturiko akatsak kasu (Garrett & Johnson).
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados