Eskola adimentsuaren ideia jorratu zuen Nuria Sanchez Povedano gaian adituak “Hezkuntzaren Etorkizunari Begira” izenburupean urtarrilaren 22 eta 23an Bilboko Euskalduna Jauregian burutu zen Erkide Kooperatiben 3. Kongresuan. Bartzelonako Montserrat ikastetxearen esperientzia hasieratik ezagutu duen hezitzaile horren iritziz, edukia irakastea baino gehiago ikaslea hainbat arlotan trebatu eta ikasleari pentsatzen erakustea izan behar du eskolak helburu. 1926an sortutako ikastetxe hau mojen eskola da orain ere, baina azken 20 urteotan hezkuntza erabat irauli du eta pedagogia berritzaileak jarri ditu praktikan, besteak beste, Glen Domanen haurren estimulazio goiztiarraren eta Howard Gardnerren adimen aniztasunaren teorietan oinarrituz. Hainbat eskolen eredu bihurtu da eta “Sor innovació” izena jarri diote aldaketa zuzendu duen Montserrat del Pozo serorari.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados