Hik Hasi-k Francesco Tonucci (Fano, Italia, 1941) psikopedagogo eta marrazkilaria elkarrizketatu zuen Erroman, joan den irailean. Haurren garapen kognitiboaren eta heziketa metodoaren arteko harremana aztertu du Tonuccik, eta bere ikerketak hainbat liburutan jasotzeaz gain, komikigintza ere baliatu du, Frato goitizena erabiliz, bere kezkak eta gogoetak zabaltzeko umorearen bidez.
Haurren Hiria izeneko egitasmoarengatik da ezagun batez ere Tonucci. Hirien antolakuntza haurren behar, eskubide eta ezaugarrietara egokitzea proposatzen du 1991n sorturiko proiektu horretan, bi helburu zehatzekin: haurra hirian zehar bere kasa eta helduen kontrol zorrotzetik libre mugitzeko autonomia bermatzea –horren barruan, haurrak eskolara bakarrik joateko proposamena garatu du–, eta haien parte-hartzea sustatzea hirietako haur kontseiluen bidez.
Eskolaren, haurren bizipenen eta hiriaren arteko harremana da Tonucciren kezka nagusietako bat. Haren iritziz, haurtzaroa bizitzeko arazoak dituzte gaur egungo haurrek: “Goiz jasotzen dituzte helduen ezagutzak, baina erabat heldugabeak dira beren kasa mugitzeko eta moldatzeko hirian”. Halaber, umeek eskolan ikasitakoa ez dator bat eskolatik kanpoko esperientziarekin. Haurrek ikasgelatik kanpo dituzten bizipenak eskolara eramatearen eta beste ikaskideekin lantzearen aldekoa da pentsalari italiarra, baina horretarako ezinbestekoa deritzo haurrek esperientzia propioak bizitzeko askatasuna eta denbora librea izateari eta “umeei entzun egingo dien” eskola eredu bat eratzeari.
Tonuccik elkarrizketan esandakoen interesa dela medio, bi zatitan banatu dugu. Heziketa metodoaz eta eskola ereduaz esandakoak jaso ditugu zenbaki honetan, eta haurren eta hiriaren arteko harremanari buruzkoak eskainiko dizkizuegu abendukoan.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados