Aurtengo udan hil den Jose Luis Gorostidi, Lekeition, arrantzale familia batean jaio zen 1.952. urtean. Lizarra eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastoletan jardun zuen lanean bere bizitzako azken urte hauetan.
Euskaraz Bizi" mugimenduaren sortzailea izan zen. Honekin, euskara ikasgeletatik atera eta eguneroko bizitzan sustraitzeko eta lantzeko helburuak lortu nahi zituen. Gaur egun, berrogeita hamar ikastolek parte hartzen dute proiektu honetan.
Hik Hasik bere lana omendu nahiean, Jose Luisek "Euskaraz Bizi" liburuan idatzitako oinarrizko lanak eta ISILIK aldizkarian Paz de Ziganda ikastolan egindako lanaren ekarpenak aurkeztea egoki ikusi du.
Badira hamarkada batzuk gure haurrak benetan euskaldunduko dituen eskola baten atzetik gabiltzala. Gaur eguneko errealitateak ez digu ikuskizun zoriontsurik erakusten: kasurik hoberenean euskaraz ikasten duten haurrak, baina erdaraz jostatu eta bizi direnak...
Eskola era egokian profesionalizatu eta egituratzeak gure haur eta gazteen hizkuntz gaitasunaren hobekuntza nabarmena ekarri du; alabaina, begi bistakoa da ez duela era berean euskarazko jokabide eta komunikazio bat batekorik garatu eragin euskaldunen aurrean. Bere garaian gaitasun hobekuntza horrek euskararen erabilpenaren gehikuntza, bai eskola bai eskolatik kanpo, ekarriko zuela ziotenek beren itxaropenak bazter batean utziak dituzte dagoeneko.
Egia da hezkuntzako euskal profesionalen adoreak beti argi bat pizturik mantenduko duela bide berrien, hezkuntza modu berrien, argudio ezberdinen bilaketan, gizarte bizi batean Euskara bizia lortu nahi horretan. "Hizkuntza bizia eta bizitzarako eskola", horixe dugu ahaleginean gidatzen gaituen idazpurua.
Euskal Eskola" berriaren atarian gaude eta ez dira gutxi etorkizuneko Eskola hori gure kultura eta hizkuntzatik hurbilago jartzeko proposamen bateratu baten bila saiatzen diren proiektuak. Aurretik egindako esperientzia pilo bat gertu dago hura bultzatu eta etorkizunean itxaropena sortzeko. Proiektu honek (Euskaraz Bizi) kemena eta lilura ekarri nahi dio hain gogoko dugun bat bateko komunikazioaren ohitura lortzeko helburuari.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados