Hik Hasiren Udako Topaketetan “Haurrentzako masajea” ikastaroa Mauduitek eskaintzen duen zazpigarren urtea da. Urtero-urtero, jendez betetzen da gela. Interesak, jakin-minak, bertatik bertarako esperientziak eta beste hainbat sentipenek bultzatuta etortzen dira ikastaroan izena ematen dutenak. Haur eta guzti etortzen dira batzuk, azken finean, ikasitakoa praktikan jartzeko modurik egokiena eta zuzenena horixe baita.
40 urte daramatza Joxe Ramon Mauduit psikologo eta psikoterapeutak helduei eta haur jaioberriei masajeak ematen. Haurraren garapenaren haria hartu, eta, masajeen bidez, haurrak dituen gaitasunei jarraipena ematen saiatzen da.
Lan horrek eta haurrekin duen harremanak eraman du, besteak beste, haurren prebentzioan sakontzera, eta arlo horretan ere egiteko ugari dagoela dio. 8-10 urterekin agertzen diren gaixotasunei eta arazoei txiki-txikitatik aurrea har dakiekeela dio. Gainera, badaki nola egin, zer bidetatik jo, eta erakusteko prest dago. Informazio falta izugarria dagoenez, hasita dago bere esperientzia eta jakituria hedatzen. Hazi Hezi zentroan alde batetik, eta, modu globalagoan, Usurbilgo herrian.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados