Ayuda
Ir al contenido

Dialnet


Epidemiak historian zehar

  • Autores: Guillermo Roa Zubia
  • Localización: Elhuyar: zientzia eta teknika, ISSN 0213-3687, Nº. 197, 2004, págs. 21-25
  • Idioma: euskera
  • Enlaces
  • Resumen
    • Ez dira hutsetik sortzen. Ez dira jainkoek bidalitako zigorrak. Erraz hedatzen diren gaixotasun kutsagarriak dira, eta, beraz, ulergarriak. Eta ulertzen dituztenen arabera, gizakiaren bizimoduak samurtu die hein batean epidemiei bidea. Atzera begiratzea beharrezkoa da orain. Garaiz dabil gizakia izurrien historiatik ikasteko? Zergatik hitz egiten dute ingelesa gaurko britainiarrek? Ez da galdera ergela. Faktore askok hartzen dute parte hizkuntza bat finkatzeko prozesuan. Eta ingelesaren kasuan, faktore horietako bat Erdi Aroko izurri beltza izan zen.

      Ingalaterran, beste hainbat hizkuntzak izan dute arrakasta izateko aukera: latina, daniera, frantsesa, alemana eta abar. Nazio bilakatzen ari zen garaian, hain zuzen ere, frantsesa izan zen nagusi hango kultur giroan. Izan ere, 1066an, hegoaldetik etorrita, normandiarrek eskuratu zuten erregetza, eta, Ingalaterrako aristokrazia eta kleroa ordezkatu zituzten. Ondorioz, frantsesa bihurtu zuten gobernuaren hizkuntza ofiziala.

      Hirurehun urte iraun zuen egoera hori izurri beltzak aldatu zuen, ordezkatzaileak ordezkatu baitzituen. Kontuan hartu behar da populazioaren sarraskia ekarri zuela epidemiak, gizartearen beheko mailetan zein goikoetan. Herri xumeaz gain, baroiak, kondeak, jauntxoak, abadeak eta beste asko hil ziren.

      Eta bizirik iraun zutenek hartu zituzten haien lekuak. Gizartean inbertsio bat gertatu zen, hau da, pobre asko aberastu ziren, eta, horrekin batera, anglosaxoien hizkuntza, ingelesa, itzuli zen gobernura. 1385erako ez zen frantsesa erabiltzen.

      Bidean Ez zientziak eta ez astrologiak ez zuten izurriei aurre egiteko konponbide onik ematen.

      Hori epidemien historian anekdota bat besterik ez bada ere, ederki islatzen du gaixotasun bidaiari horien zeharkako eragina. Populazioa azkar murriztu zen, gizarteak jasan zezakeen baino askoz azkarrago. Gaitzari aurre egiteko azkarregi, eta, jakina, ez zegoen konponbiderik.

      Ingalaterrara iristerako, Europa osoa zeharkatu zuen izurri beltzak, eta min handia egin zuen: populazioaren herena hil zen; Italian, adibidez, erdia hil zen. Gaur egungo medikuntzak baditu horri aurre egiteko baliabideak, baina garai haietan ez zuten baliabideak ulertzeko oinarrizko informaziorik ere. Jendea erraz kutsatu, eta hil egiten zen. Kito. Batzuen ustez, gaixo bati begietara begiratuta kutsatzen zen gaixotasuna. Nola froga zezaketen kontrakoa? Azken batean, ez zeuden guztiz oker, arnasbidetik kutsatzen baitzen.

      Izurri beltzaren historia harrigarria da: ia hamabi mendez eragin zuen. Agirietan jaso den lehen agerraldia 542. urtekoa da, Mediterraneokoa, eta azkenekoa 1721ekoa, Marseillakoa. Gaixotasuna ez da guztiz desagertu, baina erabat kontrolatuta dago.

      Horrela irakurrita, badirudi bat-batean ekin ziola bideari gaixotasunak, arrazoirik gabe; agertu, eta, besterik gabe, hedatu egin zela. Baina, oro har, gizakiak berak errazten ditu epidemien hedabideak. Horretan ere, eredu ona da izurri beltza.

      Gaixotasuna Yersinia pestis bakterioaren kutsadurak eragiten du. Bakterio horrek arkakusoen gorputzetan egiten zuen bidaia, eta arkakusoek, arratoienetan. Lehen aldiz Indian aurkitu zen, baina, itsasontziak zirela medio, Mediterraneora eta Txinara hedatu zen, eta han epidemia moduan agertu zen, VI. eta VII. mendeetan, hurrenez hurren.

      Izurri beltzaren bakterioak arkakusoek garraiatzen zituzten, eta arkakusoak, berriz, arratoiek.

      Dena dela, agerraldi ospetsuena XIII. mendean izan zen, mongoliarren inperioaren arrakastarekin batera. Ez da kasualitatea. Inperioak komunikabideak hobetu zituen, eta komertzioa areagotu egin zuen Asian. Merkatari-kopurua handitu egin zen, eta garraioa gizakiarentzat ez ezik, arratoientzat, eta, beraz, arkakusoentzat, eta, beraz, bakterioentzat ere erraztu zen. Ondorioz, Txinatik Krimearaino hedatu zen gaixotasuna, eta izurriari ateak ireki zitzaizkion.

      Arratoiek itsasontzietan egin zuten Europarako bidea; gizakiak samurtutako bidea zen. Hemezortzi bat urte geroago, bakterioa Errusian, Italian, Palestinan, Arabian, Egipton, Tunisian, Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Alemanian, Danimarkan, Eskozian eta Irlandan zegoen. Eta agerraldi hura bukatuta ere, maiz berragertzen zen, hasieran hamaika urtean behin, eta, gero, hamabost urtean behin, gutxi gorabehera.

      Zikinkeria Itsasontziak eta merkataritza ez dira epidemiei bidea ireki dieten bakarrak, ordea. Egia esan, historia luzeagoa da. Hein handi batean, zibilizazioaren ondorio dira. Hasieratik.

      Esan daiteke zibilizazioaren lehen urratsak abeltzaintzarekin eta nekazaritzarekin lotuta daudela. Horrek esan nahi du gizakiak eguneroko janari-iturria ziurtatuta zuela, baina, horren truke, toki jakin batean bizi behar zuela animaliak eta landareak zaintzeko.

      Mikroorganismoekiko harremanari dagokionez, izugarrizko aldaketa ekarri zuen egoera berriak; historian izan den aldaketarik handiena, hain zuzen.

      Hezurren azterketaren bidez jakin daiteke zein gaixotasun hedatu ziren historian.

      Oro har, gizaki nomada sedentarioa baino osasuntsuagoa da, dietan era askotako janariak sartzen dituelako. Sedentarioak janaria ziurtatuta du, baina egun batetik bestera ez da ia aldatzen. Horrez gain, populazio handiak izateko aukera ematen du leku finko batean bizitzeak. Egoera horretan, gaixotasunak erraz kutsatzen eta zabaltzen dira. Pertsona batetik bestera batzuetan, eta animalietatik pertsonetara beste batzuetan.

      Tuberkulosia eta difteria, esate baterako animalietatik kutsatutako gaixotasunak dira; eta baztanga, lehen izurriak sortu zituen gaixotasuna, behien gaixotasun baten oso antzekoa da. Beraz, gaixotasun horiek giza populazio batetik bestera salto egiteko erraztasuna badute, epidemiak agertzeko arriskua handia da.

      Horren gain, nekazaritzak uraren kanalizazioa ekarri zuen. Eta populazio handiko guneetan, kanal horiek gorotza pilatzeko leku aproposak ziren. Urteak pasa ziren gorotza eta edateko ura behar bezala bereizi ziren arte. Arazo horretan du jatorria kolerak.

      Horrelako arazoak hirietan agertzen ziren batik bat. Oro har, leku zikinak ziren; mikroorganismoentzat zein haien garraiatzaileentzat inguru ezin hobeak: arratoiak, hegaztiak, intsektuak eta abar bizi izan ziren 'ekosistema' zikin horietan. Bestalde, hirietan, etengabe sartzen eta ateratzen ziren jendea eta animaliak. Ondorioz, hirian sortutako arazoak azkar zabaltzen ziren landa-eremuetara ere.

      Horregatik, XVIII. mendera arte, beti zegoen gutxieneko gaixotasun-maila bat, eta, gainera, tarteka epidemien agerraldiren bati egin behar izaten zioten aurre.

      (....)


Fundación Dialnet

Dialnet Plus

  • Más información sobre Dialnet Plus

Opciones de compartir

Opciones de entorno