Tesi-lan honen helburua proliferazio-seinaleen mekanismoak hurbilketa proteomikoak erabiliz argitzea izan da. Horretarako bi atal nagusitan banatu da lana. Lehen atalean, zelula-zikloaren garapenean berebiziko garrantzia duen E2F2 transkripzio-faktorearen aktibitatea nola modulatzen den hobeto ulertzeko asmoz, honekin lotzen diren proteinak identifikatu ditugu masa-espektrometriaz. Guztien artean ALY deituriko proteina iruditu zitzaigun interesgarriena eta ondorioz E2F2 eta ALYren arteko elkarrekintza aztertu dugu sakonean. Bi proteina hauek elkarrekin lotzen direla frogatzeaz gain, elkarrekintzan zein domeinuk parte hartzen duten finkatu dugu. Horrez gain, elkarrekintza funtzionala dela frogatu dugu luziferasa zein cDNA mikroarrai analisi bidez. Hain zuzen ere, ALYk E2F2k bere itu-geneen transkripzioa erregulatzeko duen ahalmena inhibitzen duela deskribatu da lehen aldiz tesi-lan honetan. Tesiaren bigarren atalean aldiz, T linfozitoen proliferazioa bultzatzen duen IL-2ak aktibatzen dituen bidezidorrak aztertu ditugu masa-espektrometrian oinarritutako fosfoproteomika kuantitatibo bidez. Jada ezagunak ziren molekulez gain, analisi honek IL-2ren bidezidorrean parte hartzen duten molekula berriak identifikatu ditu. Horrez gain, IL-2rekin estimulatutako zelulen fosfopeptido analisiak, fosforilatutako aminoazido berri ugari identifikatu ditu.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados