Gurpildun aulkiko saskibaloiko lehen mailako talde baten denboraldi bateko egoera fisikoaren, entrenamenduen eta partiduen eboluzioa ezagutzea zen helburua. Parte-hartzaileak: Bera Bera taldeko 21 eta 46 urte bitarteko hamasei jokalarik hartu zuten parte. Metodologia: 2012-2013 denboraldian, aurre-denboraldiaren hasieran (T1), aurre-denboraldiaren bukaeran (T2), ligako denboraldiaren amaieran (T3) eta kopako fasearen amaieran (T4) neurketa antropometrikoak, errendimenduko gaitasun neurketak, partiduko balorazioak, entrenamendu zein partiduetako barne kargak eta entrenamenduetako edukiak egin ziren. Emaitzak: Korrelazio ezberdinak aurkitu ziren landutako eduki, test emaitza, entrenamenduetako eta partiduetako karga, jokalarien klasea eta partiduko estatistiken araberako balorazioen artean. Entrenamenduetan landutako kargak partiduetakoak baino baxuagoak izan ziren arren, jokalarien gaitasun fisikoak hobekuntza bat izan zuten aurre-denboralditik denboraldi amaiera bitartean. Gaitasun fisikoen hobekuntza eman zen arren, zenbat eta klase altuagoko jokalariak izan orduan eta gaitasun hobeak izaten zituzten. Partiduetako balorazioak neurtzeko orduan ere, zenbat eta klase altuagoko jokalariak izan, orduan eta balorazio hobea izaten zuten. Ondorioak: Entrenamenduak taldearen ezaugarrietara egokitu behar dira taldearen errendimendua hobetzen joateko. Hala eta guztiz ere, garrantzitsua da partiduetan jasaten duen karga antzekoak jasatea entrenamenduetan.
© 2001-2024 Fundación Dialnet · Todos los derechos reservados