Ayuda
Ir al contenido

Dialnet


Domingo Agirreren eleberrigintza eta euskal fikziozko prosaren taxuketa

  • Autores: Ana María Toledo Lezeta
  • Directores de la Tesis: Jesús María Lasagabaster Madinabeitia (dir. tes.)
  • Lectura: En la Universidad de Deusto ( España ) en 1989
  • Idioma: euskera
  • Materias:
  • Enlaces
  • Resumen
    • Doktorego-tesi honen xedea Domingo Agirreren eleberrigintza aztertzea da. Xede hori eskuratzeko zazpi kapitulu nagusitan banatzen da azterlana.

      Lehenak testuingurua du aztergai eta garaiaren berri ematen du: euskal prosa narratiboa argitaratzen hasten diren urtealdiak dira eta berau zein baldintza sozio-literarioetan garatu zen aztertzen da. Hurrengo hiru kapituluek Domingo Agirrek argitara eman zituen hiru eleberriak arakatzen dituzte, Auñemendiko Lorea (1898), Kresala (1906) eta Garoa (1912) hurrenez hurren. Banan-banan egindako azterketa hauen ondotik, hiruren arteko harremanak jorratzen ditu hurrengo kapituluak; hau da, hiru eleberrietan bat datozen osagaiak finkatzen ditu. Ondorioen kapitulua eta gero, azken kapitulu batek Agirrek landutako eleberrigintzak euskal eleberrigintzan izandako oihartzuna arakatzen du.

      Azterlana gisa horretan aurreratzen joatearen arrazoia helburuaren lorpenari ezarritako eskakizunetan dago. Izan ere, D. Agirreren eleberrigintza planteamendu teoriko eta metodologiko jakin batzuek euskarri zituela aztertu nahi izan da: eraiki zuen mundu nobeleskoaren lerro nagusiak zehaztea bilatzen da, idazlea bere garaian kokatuz, irakurlegai batekin harremanetan, euskal narratibaren lehen emaitza argitaratuen hastapenetan eta, gainera, euskal eleberrigintzaren garapenera egindako ekarria atzemanaz. Beraz, Agirrek idatziriko eleberrien deskripzio soila baino harago joatea da asmoa: eleberri bakoitza bere batasunean eta osotasunean eta, bukatu zituen hiru eleberrien multzoari darion bateratasunean aztertzeaz gain, historiaren argitan eta garaiarekin elkarrizketan atzematen da.

      Honako oinarri teorikotik abiatzen da: literatur idazlana testuinguru batean igorle (egilea) eta hartzaile (irakurlea) baten arteko komunikazioa da. Honenbestez, zimenduetan badago testuen teoria bat eta testuinguru literarioaren teoria bat. Testuen teoriari dagokionez, lehenik eta behin, ikuspuntu estrukturalista hartzen da Agirreren eleberrien azterketaren euskarri, baina, azkenean, berbaldiaren azterketatik semiotikarako jauzia eginaz. Haatik, ez zen nahikotzat jotzen testuen teoria soilean oinarrituz, eleberrien barne-azterketara mugatzea eta eleberri horiek garaiaren argitan behatzera jo da, ez baitirudi bere eleberrigintza sortze-baldintzetatik isolatzerik dagoenik.

      Beraz, azterketa sinkroniko honetan Agirreren eleberriak aztertu eta deskribatzen dira metodo-mota intrintsekoen laguntzara joaz bereziki horretarako, baina metodo-mota intrintsekoen ekarri hutsera mugatu gabe, eleberriek osatzen duten hitz-ore horren eraketa-modu posible baten azalpenera murrizten ez den neurrian azterlana.

      Azterketa sinkroniko honi azterketa diakronikoa gehitzen zaio. Azterketa diakronikoaren jomuga ere Agirreren idazlanak lekutzea da; oraingoan, ordea, euskal literaturaren historian. Hala, Agirre euskal praktika testual baten barnean kokatzen da, lehen aldiak narratibaren alorrean eskaintzen zion ondarea neurtuz eta mamitu zuen eleberrigintzak gero aldian erdietsi zuen oihartzuna atzemanaz. Hau da, Agirreren eleberriak heldu aurretiko euskal praktika testuala zein zen genero narratiboan azaltzen da eta Agirre ondorengo praktika testualean zenbateraino igartzen den honen eragina erakusten.


Fundación Dialnet

Dialnet Plus

  • Más información sobre Dialnet Plus

Opciones de compartir

Opciones de entorno